XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Annek malkoak lehortu eta gozogileari begiratu zion.

Hil egin nahi zintudan, esan zuen.

Hilik nahi zintudan.

Gozogileak mahaiaren zati bat libratu zien.

Kalkulagailua alde batera bultzatu zuen errezeta eta idazpaper piloekin batera.

Telefono liburuska bultzatu eta hots markets batekin lurreratu zen.

Howard eta Ann eseri egin ziren, aulkiak mahaira pixka bat hurbilduz.

Gozogilea ere eseri egin zen.

Esan beharra daukat oso sentitzen dudala, esan zuen gozogileak, ukalondoan mahai gainean ipiniz.

Jainkoak bakarrik daki nola sentitzen dudan.

Entzuidazue.

Gozogilea besterik ez naiz.

Ez dut beste ezer izan nahi.

Agian behiala, agian orain dela urte asko, bestelako pertsona izan nintzen.

Ahaztu egin dut, ez dakit seguru.

Baina dagoeneko ez naiz, inoiz izan banintzen.

Orain gozogilea besterik ez naiz.

Horrek ez du egin dudana zuritzen, badakit.

Baina benetan sentitzen dut.

Zuen semearengatik sentitzen dut, eta nire jarreragatik ere bai, esan zuen gozogileak.

Eskuak mahai gainean zabaldu ondoren gorantz jiratu zituen ahurrak erakutsiz.

Neronek ez daukat haurrik, beraz irudikatu baino ezin dut sentitzen bide duzuena.

Orain esan diezazuekedan gauza bakarra sentitzen dudala da.

Barkaidazue, ahal baduzue, esan zuen gozogileak.

Ez naiz gizatxarra, ez dut uste.

Ez naiz bihozgabea, telefonoz esan duzun bezala.

Ulertu behar duzue azken finean gertatzen dena zera dela, ez bide dakidala behar bezala portatzen.

Mesedez, esan zuen gizonak, utzidazue galdetzen ea bihotzez barka diezadakezuen.

Bero zegoen gozotegi barruan.

Howard mahaitik altxatu eta berokia erantzi zuen.

Anni lagundu zion berokia eranzten.